Erabiltzaile fisikoek behera egin dute Hondarribiako Liburutegian eta erabilpen digitalak gora

0

Pandemiaren eraginez, Udal Liburutegiaren erabiltzaile fisikoak %36 jaitsi ziren iaz, eta eLiburutegiaren bidez deskargak %90ean igo. Hala eman dute aditzera gaur Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak eta Kote Guevara udal liburuzainak prentsaurrekoan.

“Eskerrak eman nahi dizkiet Udal Liburutegian lan egiten duten pertsona guztiei. Oso urte eta garai zailak bizitzen ari gara, eta ongi egokitu dira egoera arraro honetara. Liburutegiak zerbitzu egokia eskaitzen duela esango nuke, eta pandemiaren eraginez erabiltzaile kopuruak behera egin badu ere, bide onetik goazela esango nuke” esan du Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak.

“Martxoaren 16tik ekainak 1 arte itxita egon zen, baina digitalki zerbitzuak eskaintzen joan gara. Denok egokitu behar izan dugu, eta balorazio positiboa egingo nuke”.

“Erabiltzaile presentzialen kopuruak behera egin du aurreko urteko datuekin alderatuta. 2019an 68.965 erabiltzaile izan ziren, 2020an 43.009, 25.056 gutxiago ( % 36). Kontuan izan behar da, lehen azpimarratu bezala, liburutegia itxita egon zela hainbat hilabetez. Egia da, halaber, urteko azken hiruhilekoari erreparatzen badiogu, alarma-egoera aldarrikatu aurreko erabiltzaileen kopurua berreskuratzen dugula” gehitu du Guevara liburuzainak.

Funts bibliografikoari dagokionez, egun, liburutegiaren fondoak 58.067 ale ditu, eta aurten 1.599 ale gehitu dira, gehienak erosketakoak (1.390), baina baita erakundeen eta partikularren dohaintzetakoak ere (208 ale). Bazkide kopurua aldiz, 9875ekoa da.

“Maileguari dagokionez, datuak onak ez diren arren, jaitsiera handia izan da, % 34, baina baikorrak izan behar dugu. Azken hiruhilekoko zifrak itxaropentsuak dira, pandemiaren aurreko hilabeteetako mugimendua berreskuratu baita” gehitu du Guevarak.

Jarduerak eta ikasleen gela

“Jardueren erritmoa ere nabarmen konprometitu zuen osasun egoerak. Proiektatuta zeuden batzuk bertan behera utzi behar izan ziren, eta asko egoera berrira egokitu. Batzuk urgentziaz programatu ziren, on-line, hala nola Ipuin kontari edo Liburuaren Egunaren irakurketa publikoa, erabiltzaileen harrera berezia izan zuena. Tradizionalki garatzen diren eta erabiltzaile kopuru handia duten jarduerekin jarraitu da, hala nola literatura tailerrak, idazketa tailerrak, ipuin kontaria… Bide beretik jarraitzea da gure asmoa”.

“Erabilera anitzeko gelak eskaera izaten jarraitzen du elkarteen eta ikasleen kolektiboen aldetik. Zifrek erakusten digutenez, azken hiruhilekoan erabiltzaile kopurua berreskuratu da. Oso ongi baloratuta dagoen zerbitzua dela uste dugu, bereziki, ikasleen aldetik ordutegiaren aldetik daukan malgutasuna dela eta”amaitu du Guevarak.