Bilbok eta Bartzelonak Citython bat hartuko dute

0

Sei egunez, Bilbo eta Bartzelona Citython 2021en bigarren edizioaren egoitzak izango dira. Hainbat profil eta esperientziatako ikasle eta profesional telematikoki elkartuko dira, konponbide berritzaileak aurkitzeko, etorkizuneko hirietan mugikortasuna definitzen laguntzeko helburuarekin.

Ekitaldi hau CARNETek (CIT UPCk bultzatutako ekimenak) antolatzen du, Bilboko Udalaren, Bartzelonako Udalaren eta Tecnaliaren laguntzaz. Finantzaketa EIT Urban Mobilityren eskutik dator, hau da, Europar Batasunak hiri-espazio bizigarriak sortzeko bultzatu duen ekimenetik, zeinak Europako Berrikuntzaren eta Teknologiaren Institutuaren (EIT, ingelesezko siglen arabera) babesa baitu.

Bilbok estreinako aldiz parte hartuko du ekitaldi honen antolaketan eta, hala, hiri-mugikortasunaren abangoardian kokatu da.

Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloko alkateorde eta zinegotzi ordezkariak Citython 2021aren aurkezpen ofizialean parte hartuko du bihar, uztailaren 16tik 21era, formatu birtualean.

Alfonso Gil Bilboko Udaleko bigarren alkateordeak azaldu duenez, “hauxe da, mundu osoan, 300.000 biztanletik gorako lehen hiria hirigune guztian abiadura-muga 30 km/h-n jarri duena; gaur egun, hiri mugikortasun jasangarri eta osasuntsuan erreferentea gara mundu zabalean. Lanean jarraitzen dugu hiri humanoagoa, irisgarriagoa eta solidarioagoa sortzeko; gure kaleetan garraiobide jasangarriagoak lehenesten ditugu horrela, hala nola bizikleta eta oinez ibiltzea. Hori herritar guztien ahaleginarekin baino ezin daiteke lortu”.

Bartzelonak Citython-ekin kolaboratu du lehenengo ediziotik, 2018an egin zena, eta hiriko auzo guzti-guztietan mugikortasun seguru eta jasangarri baten aldeko apustua egin du. Eugeni Rico Bartzelonako Udaleko Mugikortasun Saileko goi ingeniariak uste du “garraiobide jasangarriagoak bultzatzea eta mugikortasun segurua bermatzea erronka handiak direla Bartzelonarentzat. Izan ere, hiri batek ziurtatzen badu umeak eta adineko pertsonak modu autonomo, eroso eta seguruan ibili daitezkeela –bai oinez, bai bizikletaz, bai garraio publikoan–, hiri atsegina izango da eta pertsonen osasuna eta ingurumena errespetatuko ditu”.