«Ibiltarien sarea» eta hiriko Parke Bio-osasungarriak dinamizatzeko saioak

0

Joan den astean amaitu dira «Ibiltarien sarea» eta hiriko Parke Bio-osasungarriak dinamizatzeko saioak. Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak herritar guztiei zuzendutako bi programa dira eta bizimodu aktiboa sustatzea dute helburu.

Programetako parte-hartzearen balantzea oso positiboa da, ekimen biek ohiko kopuruak nabarmen handitu baitituzte. Urritik ekainera bitartean, 4.958 pertsonak hartu dute parte «Ibiltarien sareko» ibilaldi eta ibilbideetan; Parke Bio-osasungarriak dinamizatzeko proposatutako jarduerek berriz, hirukoiztu egin dute ohiko parte-hartzaile kopurua, 3.377 pertsona, hain zuzen ere.

Yolanda Diez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Zinegotziak azaldu duenez, bi programa hauek herritarren artean izan duten arrakastak berretsi egiten du Bilboko Udalak ohitura osasungarriak sustatzeko egin duen ahalegina: «Pandemiaren ondorioz osasunak garrantzi berezia hartu duen testuinguru honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da Bilboko herritarren artean bizimodu aktiboa eta aire zabaleko ariketa sustatzea».

Gainera, «Ibiltarien sareak» eta Parke Bio-osasungarrien instalazioen erabilerak «beste pertsona batzuekin elkartzeko eta jarduerak taldean egiteko aukera» eskaintzen diete parte-hartzaileei eta hori, egokiro baloratzeko moduko zerbait da, batez ere adinekoen artean, pandemiak ekarri zuen etxeko konfinamenduaren ondoren.