Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmen bat izenpetu dute komunikazioen arloan, tuneletako segurtasuna areagotzeko

0

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Imanol Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatu eta Interbiak Bizkaia SABB Kide Bakarreko Sozietate Publikoko Administrazio Kontseiluaren presidenteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Interbiak sozietatea Segurtasun Sailaren TETRA-ENBOR SAREA komunikazio-sarean integratzeko. Helburua da bi erakundeen arteko lankidetza indartzea adierazitako enpresak kudeatzen dituen tuneletako segurtasunaren arloan.

Interbiak sozietateak zaintzen eta ustiatzen ditu AP-8 autobideko Basauri eta Ermua arteko Bizkaiko zatia, Artxandako tunelak eta metropoliko hegoaldeko saihesbidea, bai zerbitzuan dagoen zatia, Gallarta eta Larraskitu artekoa, bai une hauetan exekutatzen ari diren zati berria, Peñaskaletik Beteluriko lotunera artekoa (Arrigorriagan). Hitzarmen honen xede diren azpiegituren zati bat, beraz, lurpetik pasatzen da.

Bai Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidearen trazadura osatzen duten tunelek (Argalario, Mesperuza, Santa Águeda, Arraiz, Larraskitu, Arnotegi eta Seberetxe) bai Artxandako tunelak izenekoek 200 metrotik gorako luzerak dituzte hirikoen kasuan eta 500 metrotik gorakoak hiriartekoen kasuan, eta azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuan aurreikusitako nahitaezko autobabes-neurriak hartu behar dituzte, beraz.

Horretarako, Interbiak sozietateak beharrezko instalazioak gauzatu ditu TETRA-ENBOR SAREA komunikazio-sarearen estaldura sozietateak kudeatzen dituen tuneletara hedatzeko.

Tuneletan gorabehera eta talka gutxiago izaten dira aire zabaleko errepideetan baino; izan ere, tunelak seguruago eta kontrolatuago gidatzeko esparru bat dira berez. Hala eta guztiz ere, tunel barruan gertatzen diren istripuen ondorioak aire zabaleko errepideetan gertatzen diren istripuenak baino larriagoak izan daitezke, hain zuzen ere, horietako konfinamendu-baldintzen ondorioz. Horregatik indartu nahi dira larrialdietako zerbitzuek erabiltzen duten komunikazio-sarearen ahalmena eta estaldura.

ENBOR SAREAk egiaztatuta du hondamendietan edo antzeko egoeretan duen funtzionamendu-gaitasuna, komunikazioa gaitzen baitu telefonia tradizionala kolapsatzen denean.  Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan estaldura global zabala ematen du segurtasun- eta larrialdi-zerbitzuetarako gordeta dagoen bere azpiegituraren bidez.

Komunikazio-sare hau larrialdi-egoeretan erabiliko da, eta Interbiak sozietatea larrialdian inplikatutako segurtasun publikoaren arloko gainerako agenteekin koordinatzea ahalbidetuko du: suhiltzaileak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Trafiko Zuzendaritza, Ertzaintza, Udaltzaingoak, Larrialdiak-Osakidetza, DYA, Gurutze Gorria eta babes zibileko boluntario taldeak.

Laburbilduta, hitzarmenak balioesten du komenigarria dela administrazioen arteko jarduketak koordinatzea, hain zuzen ere, zerbitzu hobea emateko. Berez bi aldeek 2012an izenpetu zuten hitzarmenaren eguneraketa eta moldaketa den hitzarmen honetan Errepideko Kontrol Zentroen eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren artean informazioa trukatzeko eta koordinazio hobea izateko oinarriak ezartzen dira.