Azpiazuk, Europako Behatoki Fiskalean, Itun Ekonomikoa Nazioarteko Fiskalitatera moldatzeko eginiko egokitzapena aurkeztu du

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko Sailburua Panayiotis Nicolaides Europako Behatoki Fiskaleko (EUTAX Observatory) zuzendariarekin bildu da, lankidetzan jarduteko egon daitezkeen baterako moduak aztertzeko, eta Itun Ekonomikoa aurkezteko, ikuspegi historikotik ez ezik, nazioarteko fiskalitatera moldatzeko eginiko egokitzapenagatik ere, haren erabateko indarraldiaren adibiderik onena baita.

Europako Behatoki Fiskala erakunde independentea da; fiskalitateari buruzko ikerketak egiten ditu, fiskalitatearen etorkizunari buruzko eztabaida demokratikoa eta inklusiboa bultzatzen du eta komunitate zientifikoaren, sozietate zibilaren eta Europar Batasuneko eta mundu osoko arduradun politikoen arteko elkarrizketa sustatzen du. Gainera, “Gutxieneko zerga globalaren bilketaren ondorioak: estimazioak herrialdez herrialde” txostenaren egilea da.

Kontu hori dela eta, iazko urrian, 137 herrialdek ELGAn akordio multilateral historikoa bultzatu zuten, enpresen munduko fiskalitatea eraldatzeko. Akordio horrek, batetik, enpresa multinazional handiek diharduten eta onurak jasotzen dituzten lekuan zergak ordaintzen dituztela bermatzea proposatzen du. Bestetik, % 15eko gutxieneko zergapetze eraginkorra proposatzen du; haren bidez, herrialdeen artean zerga-lehiarik ez egotea eta zergak ordaintzetik saihestearen aurka borrokatzea dira helburu.

EBko estatu kideetan, akordio horiek gauzatzeko, Europako Batzordeak proposatutako bi zuzentarauen barneko zerga-araudira joko da. Aurreikusitako egutegiak erronka jo eta % 15eko gutxieneko zergapetzea onartzeko aurreikusiten den indarraldiaren hasiera 2023ko urtarrilaren 1a da (Zuzentarauaren proposamena 2021eko abenduaren 22an aurkeztu zen eta hura ECOFINek 2022ko martxoan onartzea aurreikusten da). Hori dela eta, Itun Ekonomikoak eta EAEko zerga-araudiak errealitate berri horretara egokitu beharko dute; hura, aurreikuspenak betetzen badira, datorren urtean ezarriko da, eta, beraz, interes handikoa da zentzu horretan aurrera egitea.

Azpiazu Sailburuarekin batera, Itziar Agirre Ogasuneko Sailburuordea eta Jordi Campàs Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordea izan dira.

Bihar, ostiralean, ordezkaritza Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundean (ELGA) batuko da, Pascal Saint-Amans Nazioarteko Fiskalitateko zuzendariarekin eta Laurence Boone Ekonomia Saileko zuzendariarekin eta ekonomista buruarekin.