Osakidetzako Biocruces Bizkaiako ikertzaileek biomarkatzaile bat garatu dute Parkinson-en gaixotasunean bihotzaren eta garunaren arteko sinkronizazio-galera neurtzeko

0

Bihotza eta garuna ez dira ados jartzen Parkinson-en gaixotasunean. Diziplina anitzeko lankidetza-lan batean, Biocruces Bizkaia ISIko ikertzaile Iñigo Gabilondok (Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzua eta Ikerbasque) eta Jesús Cortések (Ikerbasque), gaixotasun neurodegeneratiboen taldekoa lehena eta neuroirudi konputazionalaren taldekoa bigarrena, npj Parkinson’s Disease aldizkarian argitaratu berri den «Heart-brain synchronization breakdown in Parkinson’s disease» artikulu zientifikoa zuzendu dute. Horretan frogatu dute alterazioak daudela bihotzaren eta garunaren arteko sinkronizazioan Parkinson-en gaixotasunean, eta neuroirudiko biomarkatzaile berri bat proposatzen dute, fenomeno hori kuantifikatzeko eta nahasmendu autonomiko larriak dituzten pazienteak identifikatzeko aukera ematen duena.

Zehazkiago, ikertzaileek Parkinson-en gaixotasuna duten 31 paziente eta adinaren arabera parekatutako 21 kontrol aztertu zituzten, eta garun-jarduera neurtu zuten aldi berean, atsedeneko erresonantzia magnetiko funtzionalaren eta pultsioximetriaren bidezko hatz erakuslearen bihotz-maiztasunaren aldakortasunaren bidez eta, ikusi zutenez, kontrolekin alderatuta, Parkinson-en gaixotasuna duten pazienteek sinkronikotasun txikiagoa dute bihotzaren eta garunaren artean, eta hori funtzio autonomikoen kontrolean inplikatuta dauden garuneko eskualdeetan gertatzen da batez ere. Ikertzaileek indize berri bat sortu dute bihotzaren eta garunaren arteko sinkronizazio-maila neurtzeko, «Heart-Brain Synkronization Index» izenekoa eta, horri esker, adierazpen disautonomiko larriak dituzten pazienteak eta halakorik ez dutenak bereiz daitezke.

Bihotz-maiztasunaren aldakortasuna jarduera autonomikoaren edo nerbio-sistema autonomoaren markatzaile bat da giza gorputzean, eta garunak bihotza kontrolatzearen adierazle bat ere bai, zeinaren alterazioa zenbait gaixotasunen pronostiko okerragoarekin lotu baita. Parkinson-en gaixotasuneko adierazpen autonomikoak –besteak beste, bihotz-maiztasunaren kontrolaren alterazioak– gaixotasunaren aurrerapenarekin eta biziraupen laburragoarekin lotu dira, pronostiko-markatzailetzat jotzen dira eta Parkinson-en gaixotasunaren fase goiztiarrenetan agertzen dira. Parkinson-en gaixotasuneko biomarkatzaile potentzialtzat jo arren, Parkinson-en gaixotasunean funtzio kardiakoaren kontrolaren alterazio horiek eragiten dituzten mekanismoak ez dira ondo ezagutzen. Izugarri garrantzitsua da Parkinson-en gaixotasuneko aldagarritasun kardiakoaren alterazioei lotutako garun-irudiko biomarkatzaile bat identifikatzea, gaixotasunean inplikatutako mekanismoak argitzen lagun dezakeelako ez ezik, baita, batez ere, Parkinson-en gaixotasunaren eta horrekin lotutako beste gaixotasun neurodegeneratibo batzuen diagnostiko eta sailkapen goiztiarrerako tresna potentzial bat delako ere.