‘Ainarak’ dokumentalaren proiekzioak abiatuko du gaur NIFF jaialdia

0
https://www.zinea.eus/

Ainarak (Juan San Martin eta Ritxi Lizartza, 2022) dokumentala eta Chicas prepago (Isa Sáez, 2022) film laburraren irekiko emanaldiek abiatuko dute gaur iluntzean NIFF – Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 4. edizioa.  Lau egun iraungo ditu, eta hiru egoitza izango ditu: Iruñeko Katedrala, Kondestable jauregia eta Nafarroako Antzerki Eskola.

1.400 minutu inguru edota, bestela esanda, 55 film. Horra hor NIFF – Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdiko hautaketa-batzordeak aurkeztu duen uzta. Lau egun iraungo ditu festibalak, eta hiru egoitza izango ditu: Iruñeko Katedrala, Kondestable jauregia eta Nafarroako Antzerki Eskola. Pandemiak ekarritako murrizketa eta zailtasunei aurrea hartuta, egonkortzen eta indartzen ari da urtez urte festibala, eta zinemagintza abiapuntu, hausnarketarako topagune izan nahi du laugarren edizioak.

Ikus-entzunezko emanaldiak, klase magistralak, tailerrak, liburuen aurkezpenak eta beste hainbat jarduera burutuko dituzte abuztuaren 17tik 20ra bitartean, betiere, gai sozialak eta egunerokoan puri-purian daudenak lehen lerrora ekarriz. Hala nola, feminismoa, osasun mentala, LGTBI+ aldarrikapena, planeta, migrazioak, ezgaitasunak, arrazismoa… Bost sail desberdinetan banatu dituzte horiek guztiak programatzaileek: film luzeen sail ofiziala (8 lan), film laburren sail ofiziala (20 lan), zinema eta klima aldaketa saila (5 lan), film labur espainiarren sail ofiziala (15 lan), eta ikasleek sortutako filmen saila (8 lan).

Gaur emango diote hasiera mostrari, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan. Mundu mailako estreinaldia izango duen Ainarak (Juan San Martin eta Ritxi Lizartza, 2022) dokumentala pantailaratuko dute. Iraganera egindako bidaia honek balioa eman nahi dio Zaraitzu, Erronkari, Echo… haranetako ehunka emakumek merezi duten tokiari. Izan ere, Pirinioak zeharkatzen zituzten Mauleko (Zuberoa) herria helburu. Inguruko espartin fabriketan lan egiteko bidaiatzen zuten, eta ia mende batez aritu ziren horretan. Ehunka emakume, baita neskatilak ere, 12 urterekin beren familiak eta herriak uzten zituztenak, egunean hamasei ordu lanean eman eta franko batzuk irabazteko.

Urriaren 7an ekiten zioten bideari, eta urte erdia igaro arte ez ziren itzultzen. Udaberriko elurteak amaitu arte, alegia. Bidaiaren denbora-ezaugarri horien eta guztiek arropa beltzak janztearen hautuak, Ainara gisa ezagutuak izan daitezen eragin du. Bada, Anne Etchegoyenen eskutik, ainarak nortzuk izan ziren deskubritzera eramango duen ibilbidea egingo du ikusleak. XIX. mende amaierako eta XX. mendeko lehen hereneko bi Europa oso ezberdin batzen zituen bidea.

Saio berean, Isa Sáezen Chicas prepago (2022) film laburraz gozatzeko aukera ere izango du publikoak.

Halaber, eguraldia lagun izanez gero, irekiera ekitaldiaren ostean, gaueko saio berezi batez gozatzeko aukera egongo da Katedralaren kanpoaldean. Hala balitz, Reflejos (Lucía Silvestre eta Hugo López, 2021) eta Fantasia (Aitor Merino, 2021) proiektatuko dituzte.

Gainerako emanaldiak

Abuztuaren 20ra bitartean luzatuko den egitarauak euskal jatorriko beste hainbat lani ere emango die tokia. Aurrez aipaturiko Ainarak (2022) eta Fantasia (2021) lanez gainera, Gaueko (Maria Monreal, 2022) eta Zure platerean hasten da mundua (Ion Fontenla, 2022) ere izango dira ikusgai.

Ezagutu egitarau osoa, hemen.

Sarien banaketa

Javier Tolentino kazetaria buru, epaimahaikide izango dira Carlo D’Ursi zinemagile eta ekoizlea, Miriam Gallego aktorea edota, Álvaro González zinemagile esperimentala, besteak beste. Bost sail lehiakorretako lan onenak erabakitzeaz arduratuko dira, eta film luze eta laburren sail ofizialetako film onenak hautatzeaz gainera, interpretazio onenak eta pelikula iberoamerikar onena ere ebatziko dituzte.

Bestalde, Cayetana Guillén Cuervo aktore, kazetari, telebista aurkezle eta Espainiako Arte Eszenikoen Akademiako presidenteak jasoko du Ohorezko Melitón saria NIFF jaialdiko laugarren edizioan.  La Dame Blanche (Yaite Ramos) artista kubatarrari, aldiz, emango diote Balore Sozialen Melitón saria.

Jaialdiari buruzko informazio gehiago, hemen.