Zinemaldia + Plus fokua: Juliette Binoche eta David Cronenberg

0
zinea.eus

70. Donostia Zinemaldiko Donostia Sariaren hartzaile izango dira bata zein bestea. Hala, irailaren 2an, aktore frantziarraren partaidetza duen Mauvais sang  (Leos Carax, 1986); eta irailaren 3an, zinemagile kanadarrak zuzendutako Crash (1996), pantailaratuko dituzte, Tabakalerako zinema aretoan. Bi saioak Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak aurkeztuko ditu, eta bertaratzeko sarrerak eskuragai daude dagoeneko.

2020az geroztik, Donostia Zinemaldiak apustu sendoa egiten du iraileko lehiaketaren bederatzi egunetatik harago joateko eta urte osoko jaialdi gisa taxutzeko. Zinemaldia 365 (Z365) izenarekin, hainbat jarduera biltzen dira, hala nola Ikusmira Berriak egonaldi-programa, Elías Querejeta Zine Eskolan (EQZE) parte hartzea, Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektua eta Tabakalerako pantaila partekatuko programazioa.

Ildo horretan, Zinemaldiak bat egin du Tabakalerako zinema-aretoan programatzen duten hiriko beste erakunde batzuekin ere, eta, hilean behin, Zinemaldia + Plus fokuaren protagonista izaten da.  Bada, festibalaren 70. urteurrena ospatzear den honetan, urteroko ohiturari jarraituz, Donostia Saria jasoko dute aktore eta zuzendariei eskainiko diete iraileko saioa.

Europar zinemagintzan aktore miretsirik bada, hori Juliette Binoche da. Laugarrenez hurbilduko da hirira, aurten baina, oroigarria hartzera. Liberty Belle (Pascal Kané, 1983) filmarekin egin zuen zineman debuta, eta ondoren, Jean-Luc Godard (Je vous salue, Marie, 1985), Jacques Doillon (La vie de famille, 1985), André Techiné (Rendez-vous, 1985) eta Leos Carax (Les amants du Pont-Neuf, 1991) zinemagileekin ere lan egin du, besteak beste. Hain zuzen ere, azken honek zuzendutako Mauvais sang filma pantailaratuko dute irailaren 2an, bertan parte hartu baitzuen Binochek.

Hurrengo egunean, aldiz, David Cronenberg zuzendari eta gidoilari kanadarra izango da protagonista. “Izugarrikeria biologikoaren, atmosfera aztoratzaileen eta unibertso pertsonal bezain transferiezinaren maisu”, hogeitik gora film luze bildu dituen bere ibilbidean hainbat generotako klasikoak sortu izana nabarmendu du Donostia Zinemaldiak izendapena iragartzeko zabaldutako oharrean. Izan ere, aski ezaguna da donostian bildutako publiko orotarikoarentzat Cronenbergen lana. 2004an, Donostia Zinemaldiak Crash (1996) filma proiektatu zuen Incorrect@s atzera begirakoaren esparruan, eta orain, irailaren 3an, Zinemaldia + Plus fokuaren baitan eskainiko du.

Bi saioak Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak aurkeztuko ditu, 19:00etatik aurrera, Tabakalerako zinema aretoan. Dagoeneko salgai jarri dituzte sarrerak.