Eusko Jaurlaritzak eskatzen du oso kontuz ibiltzeko Udako Irteera Operazioan, Frantziako Tourraren irteerarekin batera izango baita

0
  • Uztailaren 1etik 3ra bitartean, bai eta aurreko egunetan ere, trafiko-murrizketa handiak izango dira, eta bidaiak aurretik planifikatzea eta rutometro ofizialak kontsultatzea gomendatzen dute, beraz
  • Trafiko-etenek aireportuetako sarreretan eta garraio publikoaren ibilbidean eta geralekuetan ere izango dute eragina
  • Espero da 1.950.000 ibilgailuk zeharkatuko dutela Euskadi nazioarteko joan-etorrietan

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu du Udako Irteera-Itzulera Operazio Berezia Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan, eta aurten Euskaditik irtengo den Frantziako Tourrarekin batera izango da.

Egun hauetako operatibo tradizionalari aurten uztailaren 1etik 3ra bitartean egingo den Grand Départ Pays Basque 2023 dela-eta euskal erakundeek planifikatu duten segurtasun integralerako operatiboa batuko zaio. Bestalde, Bilbok, Gasteizek, Donostiak eta Zornotzak plan espezifikoak dituzte Tourraren etapetako batzuen irteera-helmugak hartuko dituztenez. Horren ondorioz, Euskadiko 108 udalerritako trafikoan eragin handiak izango dira (Bizkaiko hiriburuan ekainaren 28tik hasita), eta Díaz de Corcuerak herritarrei eskatu die, beraz, bidaiak behar besteko aurrerapenez planifikatzeko. Murrizketek aireportuetako sarreretan (batez ere Loiukoan eta Hondarribikoan), garraio publikoaren ibilbidean eta geralekuetan eta lantokietako sarrera-irteeretan ere izango dute eragina.

Oso garrantzitsua da Tourraren rutometro ofizialak kontsultatzea (www.letour.euskadi.eus), bertan baitaude zehaztuta trafikoko eten eta eragin guztiak. Informazio horrek aldaketatxoak izan ditzake, eta funtsezkoa da, beraz, egun horietan begiratzea. Gainera, murrizketa guztiak Waze aplikaziora igoko dira, eta ordezko ibilbideak eskainiko ditu. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak errepideen egoerari buruzko informazioa areagotuko du, bai egun horietan bai uda osoan, mezu aldakorreko panelen,  www.trafikoa.euskadi.eus web-orriaren, TrafikoaEJGV aplikazioaren, @trafikoaEJGV Twitter kontuaren eta 011 telefono-zenbakiaren (24 orduz erabilgarri dagoena) bidez.

Joan-etorriak

Itsasarteko Operazioak eragiten duen nazioarteko trafikoak aurten ere Euskadi zeharkatuko du Portugalerako eta Afrika Iparralderako bidean. Uste da guztira 1.950.000 ibilgailuk zeharkatuko dutela Euskadiko errepide-sarea nazioarteko joan-etorrietan. Hori dela eta, AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko eta Gasteizen N-622 eta A-1 Burgos/Madrilerako noranzkoan lortzeko egin ohi diren seinalizazio-operazio bereziak gauzatuko dira.

Barruko trafikoari dagokionez, eta eguraldiak laguntzen badu, iazko udan baino joan-etorri gehixeago espero dira; iaz 38.700.000 joan-etorri egin ziren.

Ohikoa den moduan, arreta berezia jarriko da opor garaian kritikoak izan ohi diren puntuetan: A-8an, Kantabriarako noranzkoan; AP-8an, muga inguruan; Armiñongo lotunean eta AP1 eta N-622 arteko lotunean, Gasteizerako noranzkoan; eta N-622 eta A-1 arteko lotunean, Burgoserako noranzkoan.

2022ko datuak

Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Vision Zero biktima helburua gogorarazi du, eta errepidean oso zuhurrak izateko eskatu du, iazko udako heriotza-kopuruak errepika ez daitezen.  2022ko uztailean eta abuztuan hamaika pertsona hil ziren Euskadiko errepide-sarean (Bizkaian 4, Araban  bat, eta Gipuzkoan 6) eta aurreko udan, aldiz, sei pertsona hil ziren (Bizkaian 2, Araban 2 eta Gipuzkoan 2).

Iaz, 2022an, uztailean eta abuztuan guztira 1.215 istripu gertatu ziren (432k eragin zituzten biktimak), eta 2021eko aldi berean 1.204 gertatu ziren (426k eragin zituzten biktimak).

Zirkulazioa hobetzeko neurriak

Egun hauetan trafikoa ahalik eta arinena izateko eta gorabeherak minimizatzeko, Eusko Jaurlaritzak honako jarduketak burutuko ditu:

  • Behar izanez gero, seinale lagungarriak jarriko dira bide-sare nagusiko eta zerbitzu guneetako puntu estrategikoetan, foru-aldundiekin lankidetzan.
  • Irteera-operazioan, auto-ilarak sor litezkeen egunik kritikoenetan (uztailaren 28tik abuztuaren 2ra bitartean), seinale bereziak ipiniko dira AP-1 eta N-622, Gasteizerako noranzkoan, lotzen diren puntuan, Etxabarri Ibiñan, bai eta Gasteizen N-622 eta A-1, Burgos/Madrilerako noranzkoan, lotzen diren lekuan ere. Armiñongo lotunean, eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, behin-behineko seinaleen bidez gomendatuko da A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbide artean.
  • Itzulera-operazioan, abuztuko azkeneko bi asteburu luzeetan eta irailaren lehenengoan (hau da, ostegunetik igandera bitartean) seinalizazio berezia jarriko da Armiñongo lotunean, AP-1 zaharreko irteeran Gasteizerako noranzkoan, trafikoa arintzeko. Konoen bidez A-1eko hiru erreietako bat utziko da AP-1etik sartzen diren ibilgailuentzat.
  • Hirugarren urtez jarraian, Kantabria eta Bizkaia artean garabi-zerbitzu hitzartu bat izango da trafiko gehien izaten den jaiegunetan eta asteburuetan, istripua izandako edo matxuratutako ibilgailuei laguntzeko. Ostiraletan eta larunbatetan A-8an, Uriosten (Suhiltzaileetarako sarbideko biribilgunean) kokatuko da, eta igandeetan El Hayan (Cobaronerako lotunean). Aurten 31 egunetan egongo da erabilgarri zerbitzu hori.

Ertzaintzako trafiko-unitateetako agentek zainduko dute errepideko zirkulazioa eta segurtasuna, eta in situ emango dute zirkulazioaren egoerari buruzko informazioa.

Gomendioak

  • Joan-etorriak aurretik planifikatu eta ahal den neurrian garraio publikoa erabili, oso bereziki uztailaren 1ean, 2an eta 3an. Egun horietan gidatu behar izanez gero, kontsultatu trafikoko eraginei buruzko informazio ofiziala (letour.euskadi.eus) eta ordezko ibilbideena (Waze aplikazioa), eta arduraz jokatu.
  • Eusko Jaurlaritzak errepideen egoerari buruzko informazioa areagotuko du uda osoan mezu aldakorreko panelen, trafikoa.euskadi.eus web-orriaren, TrafikoaEJGV aplikazioaren, @trafikoaEJGV Twitter kontuaren eta 011 telefono-zenbakiaren (24 orduz erabilgarri dagoena) bidez.
  • Trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokituta gidatu, eta beti kasu egin Ertzaintzako agenteen jarraibideei.
  • Ibilgailuaren egoera ona ziurtatu, eta mantenimendua eguneratuta izan.
  • Gidatu aurretik ez kontsumitu alkoholik ez drogarik, eta ez egin otordu oparorik. Botikaren bat hartuz gero, ziurtatu ez duela ondoriorik gidatzeko garaian.
  • Saihestu arrisku-portaerak eta arretaz, arduraz eta gainerako gidariak, batez ere kolektiborik zaurgarrienak, hau da, motor-gidariak eta txirrindulariak, errespetatuz gidatu.
  • Segurtasun-tarteak gorde.
  • Atseden hartu bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.