Euskal Poliziak areagotu egingo ditu gidatzean arreta-galtzeak zaintzeko kontrolak

0

Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, gidatzean arreta galtzea eragozteko kontrolak indartuko ditu; kontrolak martxoaren 25etik 31ra bitartean egingo dira Euskadiko errepide-sarean, Aste Santuko irteera- eta itzulera-operazio bereziekin bat etorriz.

Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak nabarmendu du: “Telefono mugikorra erabiltzea izaten da gidatzean arreta galtzearen arrazoi nagusietako bat, eta, askotan, ez gara horrek duen arriskuaz jabetzen. Errepidera begira egon ordez telefonoa begiratzen ematen ditugun segundo-hamarren horiek istripu bat eragin dezakete. Instant batean bizitza alda diezaguke horrek. Horregatik da hain garrantzitsua zuhurrak izatea eta bost zentzumenak erabiliz gidatzea”.  

Gidatzen ari garen bitartean telefono mugikorra eskuan eramateak, mugimenduan gauden ala ez alde batera utzita, 6 puntu galtzea ekar dezake. Baita ibilgailua semaforoan edo auto-ilara batean geldi dagoenean ere, zirkulatzen ari dela ulertzen baita. Zirkulatzen ari garen bitartean euskarri edo antzeko batetik manipulatzeak hiru puntu erretiratzea eragin dezake.

Era berean, debekatuta dago gidatzen den bitartean entzungailuak soinu-irakurgailuetara konektatuta izatea, radar-detektagailuak aktibatuta izatea edo Internet, TB, bideo edo DVD hargailuak manipulatzea ere. Arau-hauste horiek 200 euroko isuna eta gidabaimeneko hiru puntu galtzea ekar dezakete.

Olabarrik gomendatzen du mugikorrean “auto modua” edo “hegazkin modua” aktibatzea, eta ibilgailua aparkatuta dagoenean bakarrik erabiltzea. Bestalde, komenigarria da irratia edo musika zuzenean bolantetik manipulatzea, eta GPSn ibilbidea autoa abian jarri aurretik programatzea, inoiz ez bidaian zehar.

Arreta-galtzeen ondorioz sarrien gertatzen diren istripuak errepidetik ateratzea, aurrez aurreko talkak, aurreko autoa jotzea edo norbait harrapatzea dira. Hori guztia saihesteko indartzen dira era honetako kanpainak, eta trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatutako 38 kanpainen egutegiaren barruan egiten dira.