Euskalmetek bat egin du Meteorologiaren Munduko Egunarekin, “Klimaren aldeko ekintzaren abangoardian” leloa bereganatuz

0

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak bat egin du Meteorologiaren Munduko Egunarekin, Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) aurtengo ediziorako proposatu duen leloa –“Klimaren aldeko ekintzaren abangoardian”– bereganatuz. Ekimen horrekin, MMEk balioetsi nahi izan du meteorologia- eta hidrologia-zerbitzuek eguraldiarekin, klimarekin edo urarekin zerikusia duten arazoetan egiten duten funtsezko ekarpena.  Euskalmetek, ospakizun horretarako, dibulgazio-bideo bat prestatu du, klima-aldaketak gure lurraldean dituen eraginak eta horri aurre egiteko erabiltzen diren tresnak azaltzeko.

Bideo horretan, José Antonio Arandak (Euskalmeten arduradunak), Santiago Gaztelumendik (koordinatzaileak) eta Miriam Ruizek (meteorologoak) aztertzen dituzte klima-aldaketak Euskadin duen eragina eta gai horretan Euskal Meteorologia Agentziatik eta inplikatutako beste erakunde batzuetatik egindako lana.

Bertan nabarmentzen dute tenperaturak pixkanaka igotzen ari direla, bai lehorrean bai itsasoan, eta era guztietako muturreko fenomenoak pixkanaka areagotzen ari direla, eta dagoeneko gizartearen eguneroko bizitzan eragiten ari direla. Horri guztiari erantzuteko, gogorarazten dute Euskalmetek 150 estazio meteorologikoz osatutako sare bat duela eta, beste erakunde eta ikerketa-zentro batzuekin batera, inpaktu-azterketen hainbat lerro dituela martxan, ereduekin eta iragarpenekin zerikusia duten alderdiak lantzen dituen aldi berean.

2023, oso urte beroa

Euskalmeten arabera, 2023a oso urte beroa izan da, anomalia 1,2º C ingurukoa izan baita normala denaren gainetik. Horren ondorioz serie historikoetako bigarren urte beroena izan da, 2022ko erregistroek bakarrik gaindituta.

Laburbilduta, beste urte bero bat izan da, eta joera hori etengabe errepikatu da azken hamarkadan.

Abisuak, alertak eta alarmak

2023an, Eusko Jaurlaritzak 238 abisu hori, 26 alerta laranja eta 2 alarma gorri aktibatu zituen.

Aldagai meteorologikoak Abisu horiak Alerta laranjak Alarma gorriak GUZTIRA
PREZIPITAZIOAK
Iraunkorrak 4 4
Mardulak 36 1 37
ELURTEAK 17 2 19
HAIZEA
Haizeguneak 27 5 32
Haizeguneak ez diren lekuak 10 2 12
ITSASOA/KOSTALDEA
Olatuaren altuera-nabigazioa 37 7 44
Galernak 7 7
Kostaldeko inpaktua 19 19
Olatu-zaparrak 5 5
TENPERATURAK
Izotza 31 31
Altu iraunkorrak 18 4 22
Muturreko altuak 14 4 2 20
BASOKO SUTEAK 13 1 14
GUZTIRA 238 26 2 266

Muturreko meteorologia

Muturreko meteorologia-gertakari aipagarrienak 2023an hauek izan ziren:

Urtarrilaren 15etik 19ra bitartean izan zen neguko denboralean 200 l/m²-tik gora metatu ziren isurialde kantauriarreko zenbait lekutan. Horren ondorioz, ibaien mailak igo ziren, batez ere Butroeren arroan.  Denborale horrek berak elurra ekarri zuen nahiko maila baxuetara, eta 100 metro inguruan leku batzuk zuritu zituen, eta isurialde mediterranioan 10-20 bat zentimetro pilatu ziren.

Ekainaren erdialdeko ekaitz gogorrek prezipitazio-balioen errekorrak utzi zituzten. Horrela, hilaren 11ko ekaitzak Navarreteko estazioan ordubetean 74,4 l/m² bota zituen. Euskalmeten estazio-sarean urteko edozein garaitan inoiz erregistratu den bigarren baliorik altuena da.

Gainera, hilaren 12an hamar minutuan botatako prezipitazio maximoaren urteko errekorra hautsi zen Cerrojako estazioan (10 minutuan 14,5 l/m² bota zituen) eta Balmasedakoan (10 minutuan 12 l/m²).

Abuztuaren 18tik 24ra bitartean bero-bolada izan genuen, eta tenperatura maximo altuenen errekor ugari hautsi ziren, bai abuztukoenak (Derio 43,9 °C) bai urte osokoenak (Gardea 44,6; Abusu 42,4), bai eta tenperatura minimo altuenen errekorrak ere (Matxinbenta 29,5 °C).

Bero-boladan espero ziren tenperatura altuen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak 2 alarma gorri aktibatu behar izan zituen muturreko tenperatura altuengatik, 2023 urte osoan aktibatu zituen bakarrak.

Abisuan nahieran

Datu horiek alde batera utzita, Abisuak nahieran zerbitzua, mezu pertsonalizatuak jasotzeko aukera ematen duen aplikazio publikoa, iaz 5.717 erabiltzailetara iritsi zen.