- Justizia eta Giza Eskubideen sailburua erbesteko biktimak omentzeko ekitaldian izan zen
- Irungo Abenida Zubia Memoria Demokratikoaren Leku izendatu dute, Gerra Zibilean eta Frankismoan erbesterako ihesbidea izan zelako
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendariarekin batera, Irungo Udalak antolatutako ekitaldi instituzionalean egon ziren joan den ostiralean, maiatzaren 8an. Ekitaldia Erbestearen Biktimak Omentzeko Eguna zela eta izan zen, eta, bertan izan ziren, halaber, Ángel Víctor Torres, Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko ministroa; Cristina Laborda, hiriko alkatea, eta, Alba Blanco, erbestearen biktimen familien ordezkaria.
María Jesús San José bere mintzaldia hasi zuen gogoratuz “beren sorterritik, beren lurraldetik eta beren pertsona maiteengandik ihes egin behar izan zutenei; nomada berri baten ziurgabetasunean murgiltzeko, herrialdez herrialde, askotan erakundeen babesik gabe eta elkarri eman ahal zioten laguntza eta kontsolamenduarekin besterik ez”.
Jarraian, sailburuak “inoiz ez ahazteko” eskatu zien herritarrei, eta gaineratu zuen “ez ditzagun ahaztu gerratik, miseriatik eta gosetik ihesi Europaren ateak berriz jotzen dituzten pertsonak. Ez dezagun ahaztu, orain, ezberdintzat jotzen dituztenen aurkako gorrotoa zabaltzen saiatzen direnei berriz entzuten diegunean”.
Ildo horretan, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak azpimarratu zuen ez ditugula pertsona horiek ahaztu behar “bizitza hobea izateko eskubidea nola ukatu nahi zaien ikusten dugunean, gerratik eta errepresio frankistatik ihesi zubi honetatik irten zirenei ukatu zitzaien bezala, eta beraien etxetik milaka kilometrotara sustraiak errotu aurretik mundu erdia zeharkatzera behartuak izan zirenei”.
“Ez ditzagun inoiz ahaztu, lehentasun nazionala inposatu nahi dutenak entzuten ditugunean —izaera arrazista duena dirudiena—, nazioarteko zubi hau berriro zeharkatu nahi dituzten pertsonak gaitzesteko erabiltzen denean”, adierazi zuen.
Azkenik, María Jesús San Josék memoriaren garrantzia azpimarratu zuen, “memoria egitea berriro gertatzerik nahi ez duguna gogoratzea da”.






