- Osasuneko sailburu Alberto Martínezek instalazioak bisitatu ditu gaur goizean Donostian, eta bertako profesionalekin hitz egin du, Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaorekin eta Donostialdeko ESIko Barne Medikuntzako arduradun Uxue Errastirekin batera
- Amara-MMA Eguneko Ospitalean, Osakidetzaren ereduak ohiko ospitalizazioaren ordezko aukera berritzaile bat eta arreta humanoagoa, arinagoa eta hurbilagoa eskaintzen du, joan-etorri gutxiagorekin, larrialdi gutxiagorekin eta irtenbide gehiagorekin ospitalean bertan edo bizilekuan
- Bere jardueraren lehen urtean, 2.209 paziente artatu ditu, 1.000 ospitale-egonaldi baino gehiago saihestu ditu, eta sei aldiz handiagoa izan da larrialdietatik igaro gabeko zuzeneko ospitalizazioen kopurua
- Proiektua Euskadiko Osasun Itunaren ildo nagusietako ekintzen barruan kokatzen da, eta, bereziki, kronikotasunaren arretari, asistentziaren humanizazioari eta lehen mailako arretaren eta ospitalearen arteko koordinazio hobeari lotutako ildoetako ekintzen barruan
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek Amara-MMA (Maneiu Mediko Anbulatorioa) Eguneko Ospitalea bisitatu du gaur goizean Donostian, eta zuzenean ezagutu ahal izan du baliabide berritzaile horrek paziente hauskor eta kroniko konplexuak artatzeko egiten duen lana. Bisitaren barruan, Donostia Ospitalearen inguruan kokatuta dagoen zentro horretako profesionalekin hitz egin du, Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaorekin, Donostialdeko ESIko Barne Medikuntzako arduradun Uxue Errastirekin eta ESI horretako zuzendari kudeatzaile Maite Martínezekin batera.
Horrela, beraz, Osakidetzak Amara-MMA Eguneko Ospitalea abian jarri eta finkatu du funtzionamendu errealaren lehen urtearen ondoren. Proiektu berritzaile hori paziente hauskor eta kroniko konplexuak modu hurbilagoan, humanoagoan eta efizienteagoan artatzeko sortu da. Baliabide berri horri esker, ospitaleko arreta behar duten, baina beti ohiko ospitalizaziorik behar ez duten pertsonei erantzun ahal izango zaie.
Amara-MMA Eguneko Ospitalea paziente kroniko konplexuen arreta integralera bideratuta dago, eta ohiko ospitalizazioaren ordezko aukera bat eskaintzeko sortu da. Haren helburuak dira beharrezkoak ez diren ospitalizazioak saihestea, larriagotzeei erantzutea, tratamendu konplexuak ematea eta patologia-aniztasuna, mendekotasuna edo hauskortasuna duten pertsonei hobeto laguntzea. Hori guztia pertsona ardatz duen arretarekin eta ospitalearen, lehen mailako arretaren eta beste laguntza-baliabide batzuen arteko koordinazio estuarekin egiten da. Azken batean, helburua da beharrezkoak ez diren ospitalizazioak saihestea, larriagotzeei larrialdietatik igaro gabe erantzutea eta tratamendu eta prozedura konplexuak pazientearentzat erosoagoa eta irisgarriagoa den ingurune batean eskaintzea.
Kronikotasunerako pentsatutako eredua
Baliabide hori paziente kroniko konplexuei zuzenduta dago bereziki. Haietako asko adinekoak dira, hainbat gaixotasun dituzte aldi berean, maiztasun handiko jarraipena egiteko beharra dute, eta larrialdietara joan edo ohiko ospitalizazio bat egin behar izanez gero okerrera egiteko arrisku handia dute. Eguneko Ospitale berriak beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesten ditu, eta tratamenduak, probak eta balorazioak ingurune erosoago eta seguruago batean jasotzeko aukera ematen du.
Proiektuak diziplina anitzeko talde bat du, baita erantzun bizkor eta koordinatu bat emateko pentsatutako antolamendu bat ere. Eskaintzen dituen prestazioen artean, honako hauek daude: zain barneko infusioak, antibiotikoak, diuretikoak, kortikoideak, hemoderibatuak edo ferroterapia ematea, zenbait prozedura (hala nola parazentesia edo torakozentesia) eta bereizmen handiko proba diagnostikoak. Halaber, larriagotzeei larrialdietatik igaro behar izan gabe erantzutea ahalbidetzen du, eta hori bereziki garrantzitsua da pertsona hauskorren edo mendekoen kasuan.
Jardueraren lehen urtearen emaitzak
Abian egon den lehen urtean, 2025eko otsailetik 2026ko otsailera bitartean, Amara-MMA Eguneko Ospitaleak 2.209 paziente artatu ditu, eta haien batez besteko adina 77 urtekoa izan da. Artatutako pertsonen % 90 paziente kroniko konplexuak ziren, eta % 95 Donostialdeko ESIkoak.
Emaitzek oso inpaktu positiboa utzi dute agerian. Gainera, baliabideak erantzuteko ahalmen handia duela erakutsi du: erizaintzak kudeatutako premiazko deien % 65 esku-hartze medikoaren beharrik gabe ebatzi ziren, eta jardunbide aurreratuko erizainek 1.015 balorazio egin zituzten ospitale-esparruan. Haietatik, 325 bizilekuan ebatzi ziren oso-osorik. Emandako datuen arabera, ereduari esker 1.000 ospitale-egonaldi baino gehiago saihestu dira urtean, eta sei aldiz handiagoa izan da larrialdietatik igaro gabe programatutako zuzeneko ospitalizazioen kopurua, aurreko urtearekin alderatuta. Eguneko ospitaleko jardueraren erdia baino gehiago presazkoa eta programatu gabea izan da, eta horrek agerian uzten du paziente konplexuei erantzun bizkorra emateko gune gisa betetzen duen zeregina.
Koordinazioa eta Euskadiko Osasun Ituna
Eredu hori, gainera, Euskadiko Osasun Itunaren ildo nagusiekin bat dator, bereziki kronikotasunaren arretarekin, asistentziaren humanizazioarekin eta lehen mailako arretaren eta ospitalearen arteko koordinazio hobearekin. Halaber, lagungarria da paziente konplexuei lotutako asistentzia-kargaren zati bat lehen mailako arretara eramateko eta, horren bidez, mailen arteko lan partekatua indartzeko.
Amara-MMA Eguneko Ospitaleko esperientziak erakusten du arretaz bestelako antolamendu batek erantzun hobeak eskain diezazkiokeela gero eta zaharragoa den eta gero eta behar gehiago dituen biztanleriari. Osakidetzarentzat, eredu baliagarria eta jasangarria da, pertsona ardatz duena, arreta hobetzen duena eta osasun-baliabideen erabilera efizienteagoa errazten duena.
Eguneko Ospitale horrek, gainera, asistentzia-baliabideen arteko integrazioa indartzen du, hala nola Kasuak Kudeatzeko Taldearen, jardunbide aurreratuko erizaintzaren, etxeko ospitalizazioaren eta lehen mailako arretaren artekoa. Lankidetza horri esker, arreta jarraituagoa, antolatuagoa eta egoera kliniko bakoitzera egokituagoa eskaini daiteke.
Aldaketa baliagarria pazienteentzat eta familientzat
Eredu berriak pazienteen eta zaintzaileen esperientzia hobetzen du, itxaronaldiak murrizten dituelako, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesten dituelako eta egoera asko ohiko ospitalizaziorik gabe konpontzea errazten duelako. Halaber, familia-ingurunearekiko loturak zaintzen eta pertsona bakoitzaren lehentasunak hobeto errespetatzen laguntzen du.
Osakidetzak nabarmendu duenez, herritarren behar erreal bati erantzuten dion proiektua da, eta dagoeneko oso emaitza positiboak izan ditu jardueraren lehen urtean. Horrela, beraz, Amara-MMA Eguneko Ospitalea finkatu egin da pazienterik hauskorrenei eta konplexuenei arreta hobea emateko baliabide berritzaile, baliagarri eta jasangarri gisa.






