Abian da Enkbike proiektua, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua Arturturreko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren baitan

0
  • Enkbikek 100 bizikleta elektriko jarriko ditu Abanto-Zierbena, Balmaseda, Barakaldo, Karrantza, Muskiz eta Ortuella udalerrietan, eta inguruko mugikortasun jasangarria bultzatzeko balioko du.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Enkarturreko presidente Alfonso San Vicenterekin, Enkarturreko zuzendari nagusi Koldo Santiagorekin, Alkateordea eta Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzia Gaizka Gil eta Bizkaiko Foru Aldundiko Turismoko zuzendari Leire Diezekin batera, “EnkBike” proiektua bisitatu du, Enkarturreko helmugako jasangarritasun turistikoko planen baitan garatua, eta Europako funtsekin finantzatua.

EnkBike proiektuak Abanto-Zierbena, Balmaseda, Barakaldo, Karrantza, Muskiz eta Ortuellako udalen laguntza izan du, eta udalerri horietan eskuragarri jarritako 100 bizikleta elektrikoren hedapen ekarri du, Enkarterri, Meatzaldea eta Ezkerraldea eskualdeetan mugikortasun jasangarria bultzatzeko. Gainera, kargatzeko eta aparkatzeko guneak jarri dira.

Alokairu-zerbitzu horrez gain, plataforma digital adimendun bat ere dago, bizikletak erreserbatu eta bizikleta-ibilbideak ezagutzeko, eskualde horietaz ahalik eta gehien gozatzeko. Bestetik, plataformak inguruko turismoari, gastronomiari eta aisiari buruzko informazio baliagarria eskainiko du.

Javier Hurtado sailburuak erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, “gure herriak eta hiriak hobetzen dituzten eta turismo-eredu jasangarria indartzen duten” proiektuak aurrera ateratzeko. Ildo horretan, gogorarazi duenez, “Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planek 80 milioi eurotik gorako inbertsioa eragin dute Euskadin azken bost urteetan, askotariko ezaugarriak dituzten udalerriek eta eskualdeek bultzatutako 34 proiektutan banatuta”.

 “Erakundeen arteko lan koordinatuaren ondorioz, gauzek hobeto funtzionatzen dute”, adierazi du sailburuak, eta eskertu egin du Enkartur elkartearekin izandako lankidetza, “Enkarterri, Meatzaldea eta Ezkerraldea eskualdeetan 2,5 milioi euro mobilizatzea ahalbidetu duten helmugako turismo-jasangarritasuneko bi planen baitako jarduketak garatzeko”.

Burututako proiektuak industria-turismoa balioan jartzearen eta lurraldeari lotutako memoria zaintzearen aldeko apustua egiten du, eta, aldi berean, zikloturismoarekin eta mugikortasun elektrikoarekin lotutako turismo jasangarriko modu berriak bultzatzen ditu.

Sailburuak azpimarratu duenez, gainera, 2026a izango da “proiektu horiek gehienak amaituta ikusi ahal izango ditugun urtea”, eta pozik agertu da lekuan bertan egiaztatzeagatik “inbertsio horiek Euskadiko garapen turistiko jasangarrian duten eragin positiboa”.

Alfonso San Vicente Enkarturreko presidenteak azaldu duenez, «zerbitzu hau ezartzeak indartu egingo du hiru eskualdeek ingurumena errespetatuko duen, karbono-aztarna murriztuko duen eta garraio-ohitura jasangarriak sustatuko dituen turismoaren alde egiten duten apustua».

San Vicentek gogorarazi du Enkarterrin eta Meatzaldean ibilbide geolokalizatu ugari daudela, doan, www.visitenkarterri.com eta Wikiloc plataformetan eskuragarri. Hemendik aurrera, ibilbide horiek EnkBike aplikazioan integratuko dira, eta horrek inguruko museo, baliabide eta espazio naturalei buruzko informazioa ere emango du, mugikortasun-zerbitzua eta eskualdeko turismo-eskaintza uztartuta.