Osasun Sailak eta Osakidetzak emaileei eskerrak eman dizkiete beren konpromisoagatik eta herritarrei dei egin diete uda osoan odola emateko

0

-EKAINAK 14: ODOL-EMAILEAREN MUNDUKO EGUNA-

  • Erreserbak nabarmen jaisten dira uztailean eta abuztuan, eta, beraz, garrantzitsua da hilabete horietan guztietan zehar donazio-puntuetara jotzea
  • Egunero 400 emate inguru behar dira ospitaleetako eguneroko jarduerari eutsi ahal izateko, hala nola kirurgiak, tratamendu onkologikoak edo larrialdiak.
  • EAEko biztanleen % 3k ematen du odola, eta proportzio hori % 4ra iritsi beharko litzateke premiei erantzungo zaiela bermatzeko
  • Ekainaren 14an ospatzen den Odol Emailearen Munduko Eguna dela eta, Euskadiko erakunde negusiek, hala nola Legebiltzarrak, aldundiek edo udalek, bere eraikinak gorriz argiztatuko dituzte, «baliabide estrategiko» hau agerian jartzeko, hau da, odol-ematea

Ekainaren 14an ospatzen den Odol Emailearen Munduko Eguna dela-eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak deia egiten diete herritarrei ohiko donazio-puntuetara joan daitezen, uda osoan erreserbak bermatzeko. Gogorarazten dute Euskadin egunero 400 dohaintza inguru behar direla, eta erreserbak murriztu egiten direla uztailean eta abuztuan, eta, beraz, garrantzitsua dela odol-emateak erregulartasunarekin mantentzea uda osoan zehar. Gaur egun, EAEko biztanleen % 3 inguruk erregularki ematen du odola, eta tasa hori garrantzitsua bada ere, gutxienez % 4ra arte hazten jarraitu beharko luke sistemaren egonkortasuna bermatzeko.

Hain zuzen ere, odola ematearen garrantziaz kontzientziatzeko eta hori agerian jartzeko, Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak ekimen bat sustatu du ekainaren 12, 13 eta 14an Euskadiko udalak eta erakundeak gorriz argizta daitezen 20:00etatik 00:00etara. “Data hau baliatu nahi dugu gogorarazteko odol-ematea, elkartasun- eta altruismo-ekintza indibidual batetik sortu zen arren, funtsezko baliabide estrategikoa dela sistemaren iraunkortasunerako”, ziurtatu dute.

Alde horretatik, gogorarazten dute emaileen konpromisoari esker (50.000 pertsona inguru urtero Euskadin) ospitaleen eguneroko jarduerari eutsi dakiokeela, bai programatutako kirurgiak, bai tratamendu onkologikoak, zein larrialdietako arreta ere. Hain zuzen ere, odol-emateei esker, urtean 60.000 pazienteri baino gehiagori lagun dakieke zuzenean edo zeharka. “Odola ezin da fabrikatu; herritarren eskuzabaltasuna da egunero bizitzak salbatzeko aukera ematen duen motor bakarra”, gaineratu dute.

Horregatik guztiagatik, uda osoan odola emateko deia egiten diete herritarrei. Izan ere, Gabonetan bezala, uztaila eta abuztua hilabete zailak izaten dira EAEko ospitaleak odol-osagaiez hornitzeko.  Hornidura-jaitsiera horri aurrea hartzeko, odola une honetatik bertatik aurrera eta uda osoan zehar eman behar dela irizten dute.

Gogoratu odola emateko baldintzak: 18 eta 65 urte bitartean izatea, osasun-egoera onean egotea eta 50 kilo baino gehiago pisatzea. Odola emateko puntu finkoak eta hiru lurraldeetan banatutako unitate mugikorrak, bai eta haien ordutegiak ere, etengabe eguneratzen dira webgune honetan: https://donantesdesangre.eus/eu/non-eman/ edo Euskadiko Odol Emaileak-en sare sozialetan (@donantesangreuskadi).

PARTE-HARTZEA HANDITZEA

Gaur egun, EAEko biztanleen % 3 inguruk ematen du odola erregulartasunez. Sistemaren egonkortasuna bermatzeko eta egungo eta etorkizuneko premia sanitarioen hazkundeari erantzuteko, zifra hori biztanleriaren % 4ra arte handitu behar da. Horrela, milaka emaile berri gehiago barne hartuko lirateke eta eredu jasangarri bat finkatuko litzateke, balizko urritasun-egoerak saihestu ahal izateko.

Ehuneko bateko igoera horrek eragin izugarri handia izango luke sistema sanitarioaren gaitasunaren gainean, edozein unetan paziente orok beharko lukeen odol, plasma eta beste odol-osagai batzuk eskuragarri daudela bermatzeko eta urte osoan erreserba egonkorrak bermatzeko.

79.000 EMATE BAINO GEHIAGO

Iaz, Euskadin, 46.418 emaileren 79.107 odol-emate erregistratu ziren, gehienak ohikoak eta odola erregularki ematen dutenak (urtean bitan edo gehiagotan). Hala ere, 6.599 emaile berri izan zirela nabarmendu behar da. Izan ere, globulu gorrien 68.415 kontzentratu, 11.504 plaketa-dosi  eta 22.224 plasma-litro lortu ziren eta hainbat medikamentu prestatzeko erabili ziren, hala nola immunoglobulinak, faktore antihemofilikoak, albuminak eta abar.

Odol-ematea ekintza solidario bat baino askoz gehiago da. Ospitaleen eta zentro sanitarioen eguneroko funtzionamendua ahalbidetzen duen ezinbesteko ekintza da. Emandako poltsa bakoitza hainbat osagai desberdin bihurtzen da, eta osagai horiek zenbait pazienteri mesede egin diezaiekete, bai eta milaka pertsonarentzako funtsezko sendagaiak egiten lagundu ere.

OMENALDI KOLEKTIBOA

Osasun Sailak eta Osakidetzak, Emailearen Munduko Eguna dela-eta, eskerrak eman nahi dizkiete inoiz odola eman duten edo ematen duten pertsona guztiei, haiek gabe ezin izango zutelako salbatu urtero salbatzen diren milaka bizitzak.

Emaile eta hartzaile guztiak aitortzeko, euskal erakunde nagusiak, hala nola Eusko Legebiltzarra, aldundiak edo udalak, gorriz argiztatuko dira ekainaren 12tik 14ra bitartean.

Ekimen honek omenaldia egin nahi die bai modu altruistan odola ematen dutenei, bai odol- eta plasma-emateen ondoriozko transfusioak edo tratamenduak urtero jasotzen dituzten milaka pertsonei. Argi gorria sinbolo bat da, eta elkartasuna, herritarren konpromisoa eta egunero bizitzak salbatzen dituen keinu batek zer-nolako garrantzia duen irudikatzen ditu.

Erakunde laguntzaile batzuk:

 

Eusko Legebiltzarra – Eraikin osoaren argiztapena

Arabako Batzar Nagusiak – Fatxada nagusiko argiztapena

Arabako Foru Aldundia  Fatxada nagusiko argiztapena

Gasteizko Udala – Plaza berriko fatxadaren argiztapena

Bilbo – Iturrien argiztapena: (Eliptika plaza)/(Juan de Garay kalea)

Iruña Oka – Udaletxearen argiztapena

Berantevilla – Udaletxearen argiztapena

Derio – Udaletxearen argiztapena

Santurtzi – Dorretxearen argiztapena

Portugalete – Pando Aisia kiroldegiko argiztapena

Sestao – Udaletxearen argiztapena

Durango – Arte eta Historia Museoko argiztapena

Legazpi – Udaletxearen argiztapena

Zumarraga – Udaletxearen argiztapena eta San Gregorioko tunelena

Pasaia – Udaletxearen argiztapena

Andoain – Udaletxearen argiztapena + Pankarta

Ordizia – Barrena eraikinaren argiztapena

Deba – Udaletxearen argiztapena + Pankarta

Zarautz – Kiroldegiaren argiztapena

Orio

Tolosa – TOPICaren argiztapena (Txotxongiloen Museoa)

Azpeitia – Udaletxearen argiztapena

Getaria – Udaletxearen argiztapena

Billabona – Pankarta

Elgoibar – Pankarta

Bergara – Pankarta

Antzuola – Pankarta

Legorreta – Pankarta