Pérez Iglesias sailburuak jakin-mina eta apaltasuna aldarrikatu ditu ezagutzan aurrera egiteko giltzarri gisa

0
  • Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua EHUko ikasketa amaierako lehen ekitaldi bateratuko aitabitxia izan da
  • Aurten gradu eta graduondoko ikasketak bukatu dituzten ikasleak zoriondu ditu eta egindako lana eta ahalegina aitortu die

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek etengabeko jakin-minean eta giza ezagutzaren mugez jabetzean oinarritutako zientzia aldarrikatu du gaur arratsaldean San Mamesen egin den Euskal Herriko Unibertsitateko ikasketa amaierako aurreneko ekitaldi bateratuan.

Aurten  gradu eta graduondoko ikasketak bukatu dituzten EHUko ikasleen omenaldi ekitaldian aitabitxi lanetan aritu da sailburua, eta zorionik zintzoenak helarazi dizkie bertaratu diren 3.500 ikasle tituladunei. Era berean, eskerrak eman dizkie senideei eta irakasleei, ikasketa-etapa honetan emandako babesagatik eta laguntzagatik.

Sailburuak “Ezagutzaren mugak” izenburuko hitzaldia eskaini du eta bere interbentzioan azpimarratu duenez, «ezagutza infinitua da, eta gizakiok infinitu horren hasieran egongo gara beti». Haren esanetan, errealitate hori ez da oztopo bat, ikerketarako eta aurrerapenerako pizgarri nagusia baizik.

Pérez Iglesiasek gogorarazi du zientziak berak identifikatu dituela unibertsoa ulertzeko dugun gaitasuna baldintzatzen duten mugak, eta nabarmendu du aurrerapen bakoitzak galdera berriak sortzen dituela eta ezezagunaren eremua are gehiago zabaltzen duela. Ideia hori azaltzeko, iluntasun zabal batean argia ematen duen foku batekin alderatu du ezagutza.

Dogmatismoak saihestu beharra

Era berean, aurkikuntza berrien aurrean jarrera irekia izatearen garrantzia azpimarratu du, eta dogmatismo oro saihesteko beharra nabarmendu. Horren harira, adierazi du zientziaren historiak erakusten duela teoria sendoenak ere berrikusi edo osatu egin daitezkeela ebidentzia berriak agertzen direnean.

Bestalde, gizakiaren pertzepzioa errealitatea interpretatzeko modu posible askotako bat baino ez dela azpimarratu du; horrek ezagutzaren bilaketari zorroztasunez baina aldi berean apaltasunez heltzeko gonbita egiten digula gogorarazi du. Ondorioztatu du “zientziaren helburua ez dela behin betiko erantzunak aurkitzea, gure ulermen-gaitasuna gainditzen duen unibertso konplexuaren esplorazioan aurrera egiten jarraitzea baizik”.

Interbentzioari amaiera emateko, sailburuak Karl Popper filosofo austriarraren etorkizunaren ziurgabetasunari buruzko gogoeta ekarri du gogora. Haren esanetan, etorkizuna «ez dago idatzita, eta ezin da aurreikusi, kasualitatez izan ezik». Ikasleei zuzenduta, etorkizuna bakoitzaren erabaki eta ekintzen mende dagoela azpimarratu du: «Guztiok gara etorkizunak ekarriko digunaren erantzule. Horregatik, gure egitekoa ez da gaitza iragartzea, baizik eta mundu hobe bat eraikitzeko ahalegina egitea».