- Legeak aurrera egiten du izapidetze-prozesuan, euskal kultura-sistema indartzeko, euskara sustatzeko eta kultura-eskubideak sendotzeko helburuarekin, erakundeen eta kulturaren sektorearen arteko lankidetzan oinarrituta.
- Ibone Bengoetxea lehendakariordea: «Kultura gure nortasun kolektiboaren zutabeetako bat da, eta lege hau Euskadiko kultura-sistema indartzeko apustua da.»
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Andoni Iturbe Kultura sailburuordearekin batera, Euskadiko Kultura Sistemaren Lege Aurreproiektua aurkeztu du gaur Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean (EGAB). Horrela, aurrerapauso berri bat eman da Euskadiko kultura-politiken erreferentziazko esparru juridikoa izan nahi duen legearen izapidetzean.
Bileran, lehendakariordeak testuaren helburu nagusiak azaldu ditu, eta nabarmendu du etorkizuneko legearen xedea dela Euskadiko kultura-sistema indartzea, herritarren kultura-eskubideen benetako erabilera bermatzea, euskara euskal kulturaren ardatz gisa sustatzea eta erakunde publikoen nahiz kultur eragileen arteko lankidetzan oinarritutako gobernantza-eredua sendotzea.
«Kultura gure nortasun kolektiboaren zutabeetako bat da. Lege honen bidez, Euskadiko kultura-sistema indartu nahi dugu, herritarren kultura-eskubideak bermatzeko, euskara bultzatzeko eta euskal kultura sendoagoa, berritzaileagoa eta mundura irekiagoa sustatzeko», adierazi du Ibone Bengoetxea lehendakariordeak.
Euskadiko Kultura Sistemaren etorkizuneko Legeak herrialdeari esparru komun bat emateko beharrari erantzuten dio. Esparru horrek administrazioen arteko koordinazioa indartuko du, kultura-ekosistemari egonkortasun handiagoa emango dio eta politika publikoen plangintza partekatua sustatuko du. Era berean, kulturak gizarte-kohesiorako, giza garapenerako eta Euskadiren nazioarteko proiekziorako duen balio estrategikoa aitortzen du.
EGABren aurreko agerraldia lege-aurreproiektuaren izapidetze-prozesuaren parte da. Prozesuak bere erakunde-ibilbidearekin jarraituko du, Gobernu Kontseiluak onartu eta ondoren Eusko Legebiltzarrera bidali aurretik.
Legearen edukiari buruzko informazioa






