Mikel Jauregik ZIVen laborategi digital berriak bisitatu ditu; konpainiak, 36 milioi euroko inbertsio-planaren bidez, Euskaditik etorkizuneko sare elektrikoetarako teknologia berria bultzatu nahi du

0
  • Mikel Jauregi sailburuak eta Irantzu Allende sailburuordeak ZIVen laborategi digital berriak bisitatu dituzte, laborategi horiek konpainiaren berrikuntza-gaitasuna indartzeko inbertsio-planaren jarduera nagusietako bat delarik

 

  • Inbertsio plan horrek lotura zuzena du Industria Plana – Euskadi 2030eko “Grid4Industry” proiektu eraldatzailearekin, industriarako sare elektrikoen belaunaldi digital berria “made in Euskadi” izan dadin

 

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburua, Mikel Jauregi, eta Trantsizio Energetikoko sailburuordea, Irantzu Allende, ZIVek Zamudion duen egoitzan izan dira, asteazkenean, eta bertan ezagutu dute 36 milioi euroko inbertsio plana, konpainiaren I+G eta industrializazio gaitasunak indartzeko. Azpiestazioetako laborategian sare elektrikoaren funtzionamenduaren simulazio bat egin dute denbora errealean. Proba hori funtsezkoa da babes-sistemek sarearen egonkortasunean eta hornidura elektrikoaren bermean duten zeregina ezagutzeko.

ZIVen inbertsio-plan horrek lotura zuzena du Industria Plana – Euskadi 2030eko “Grid4Industry” proiektu eraldatzailearekin, industriarako sare elektriko belaunaldi digital berria “made in Euskadi” izan dadin. Proiektu hori sare elektrikoen alorreko euskal industriaren balio katea sendotuko du. ZIV sektore horren adibide argia da; izan ere, 30.000 milioi euroko fakturazio globala du eta 6.000 lanpostu zuzen baino gehiago sortzen baititu.

Elektrifikazioa eta araudi berriak sistema elektrikoaren eraldaketa eta gero eta digitalagoak, automatizatuagoak eta seguruagoak diren irtenbideen eskaera bultzatzen ari dira. Duela 30 urte baino gehiagotik, ZIVek babes, automatizazio, komunikazio eta neurketarako ekipo eta sistema digitalak garatzen ditu, goi, erdi eta behe tentsioko sare elektrikoetarako.

Enpresaren soluzioei esker, konpainia elektrikoek energia berriztagarriak integratu, azpiegiturak modernizatu eta sarearen kudeaketa hobetu ditzakete.

«Sistema elektrikoaren eraldaketa sakoneko une bat bizi dugu, eta ZIVek funtsezkoa da sarearen egonkortasuna, segurtasuna eta malgutasuna bermatzeko beharrezkoak diren konponbideak eta ekipamenduak diseinatzen eta hornitzen baititu. Inbertsio horri esker, berrikuntza bizkortu eta konpainia elektrikoentzat erreferentziazko bazkide teknologiko gisa gure posizioa indartu ahal izango dugu”, adierazi du Borja Negro, ZIVeko CEOa.

Bestalde, Mikel Jauregik nabarmendu duenez, “industria deskarbonizatzen ari da elektrifikazioaren bidez, eta horrek sareetan garapen teknologiko berriak eskatzen ditu. Euskadik gaitasun teknologiko eta industrialak ditu sare elektrikoen belaunaldi digital berria gidatzeko. ZIV eredu ona da, eta inbertsio hau norabide honetan doa: mundu mailan industria elektrifikatzen laguntzea. Hau da, industria gehiago, hobeagoa eta emisio gutxiago uztartzen jakitea”.

Konpainiak 500 profesional baino gehiago ditu, eta horietatik 110 I+G arloan ari dira lanean. ZIVek 80 herrialdetan garatzen ditu proiektuak, Europan, Ekialde Ertainean, Indian eta Latinoamerikan presentzia industriala eta teknologikoa duen nazioarteko sare baten bidez. ZIVek abian jarritako asmo-handiko inbertsio-planak Euskaditik abiatuta nazioarteko merkatuetan hazten jarraitzeko gaitasuna indartuko du.