Osakidetzak eta Zarauzko udalak prebentziorako eta osasuna sustatzeko hitzaldi-ziklo bat antolatu dute

0
  • Mahai-inguruak kazetariek dinamizatuko dituzte eta haietan parte hartuko dute, besteak beste, Osakidetzako profesionalek, hainbat gaietako espezialistek, pazienteek eta jorratuko diren gaiekin lotutako pertsonek
  • Ekimen hau gauzatzeko Donostialdeko ESIak lankide izan ditu Zarauzko Udala, Biziraun elkartea, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan, Garuneko Gaitza ATECE Gipuzkoa eta Alcohólicos Anónimos
  • Hitzaldien ziklo honek Osasunaren Euskal Itunaren konpromiso nagusietako bati erantzuten dio: osasunaren sustapena eta ekintza komunitarioa, eta haren helburuen artean daude sektore arteko ekintza, inguru osasungarrien sustapena, ekintza komunitarioa, osasunerako hezkuntza, osasun-sistema sustapenera bideratzea eta desberdintasunak murriztea

Osakidetzak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Zarauzko Udalarekin batera, osasuna sustatzeko eta prebentziorako mahai-inguruen ziklo bat antolatu du. Saioetan gai hauek landuko dira, betiere prebentzioaren ikuspegia kontuan hartuta: elikadura, ariketa fisikoa, gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia, alkoholismoa eta suizidioa. Mahai-inguruak kazetariek dinamizatuko dituzte eta haietan parte hartuko dute, besteak beste, Osakidetzako profesionalek, hainbat gaietako espezialistek, pazienteek eta jorratuko diren gaiekin lotutako pertsonek.

Hitzaldiak Felix Zubiak koordinatu ditu —medikuntza intentsiboko espezialista eta Donostialdeko ESIko Medikuntza Intentsiboko zerbitzuburua—, eta Zarauzko Santa Klara Kultur Zentroan egingo dira hilean behin. Lehenengoa irailaren 30ean (asteazkena) izango da, 19:30ean, eta elikadurari buruzkoa izango da. Mahai-inguru horretan parte hartuko dute Garbiñe Aizpuruk (dietista, nutrizionista eta Osakidetzako profesionala Donostialdeko ESIan), Daniel Lasak (sukaldaria eta Donostiako Goi Mailako Sukaldaritza Eskolako teknikari espezialista) eta Julen Zulaikak (nekazaria eta Ametsola baserri ekologikoaren arduraduna). Saioa hasi aurretik Osakidetzako abesbatzak (Kantakidetza) kantatuko du.

Pazienteen elkarteekin izandako lankidetza

Ekimen hau gauzatzeko, Donostialdeko ESIak lankide izan ditu Zarauzko Udala, Biziraun elkartea, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan, Garuneko Gaitza ATECE Gipuzkoa eta Alcohólicos Anónimos; lan horretan, helburu sendo hauek izan ditu: gizarte-kohesioa indartzea, herritarren arteko loturak sendotzea eta ingurune berean bizi diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzea.

Proposamen horren bidez, Donostialdeko ESIak eta Osasun Sailak, Zarauzko Udalarekin eta inplikatutako elkarteekin batera, osasuna sustatzera eta gaixotasunak prebenitzera bideratutako hausnarketa-gune bat sustatu nahi dute ikuspegi komunitario batetik, bizi-ohitura osasungarriak hartzen laguntzeko gure erkidegoaren ahalduntzearen eta osasun-hezkuntzaren bidez.

Ekimena bat dator Osasun Eskolak herritarren osasuna indartzeko dituen helburuekin; izan ere, haien eskura jartzen ditu informazioa eta tresnak, Osakidetzako ekintza komunitarioak osatzeko eta zainketan parte-hartze aktiboagoa izateko.

Hitzaldien ziklo honek Osasunaren Euskal Itunaren konpromiso nagusietako bati erantzuten dio: osasunaren sustapena eta ekintza komunitarioa, eta haren helburuen artean daude sektore arteko ekintza, inguru osasungarrien sustapena, ekintza komunitarioa, osasunerako hezkuntza, osasun-sistema sustapenera bideratzea eta desberdintasunak murriztea. Esku-hartze komunitario honen bidez Osakidetzak eta Osasun Sailak sustatu egin nahi dituzte Osasunaren Euskal Itunak hartutako Osasun Sistema Publikoaren balioak eta printzipioak, hala nola unibertsaltasuna, elkartasuna eta ekitatea, bai eta parte-hartzea, aurrea hartzea, prebentzioa eta herritarren beharrei erantzutea ere.

Lehenengo mahai-ingurura joateko esteka hauetako batean eman behar da izena:

PROGRAMA

Elikadura – irailaren 30a

Moderatzailea: Mikel Rotaetxe

Parte-hartzaileak: Garbiñe Aizpuru. Osakidetzako dietista-nutrizionista Donostialdeko ESIan; Daniel Lasa. Sukaldaria; Julen Zulaika. Nekazaria

Ariketa fisikoa – urriaren 29a

Moderatzailea: Leire Arrojeria

Parte-hartzaileak: Olatz Etxebeste. Osakidetzako fisioterapeuta Donostialdeko ESIan; Usoa Ostolaza. Txirrindularia; Iratxe Aranburu Epelde. Zarauzko Udaleko kirol zuzendaria

Gaixotasun kardiobaskularrak – azaroaren 19a

Moderatzailea: Unai Iradi

Parte-hartzaileak: Patricia de la Riva Aizpuru. Osakidetzako neurologoa Donostialdeko ESIan; Maitena Larrañaga. Osakidetzako erizaina Donostialdeko ESIan; Jose Ramón Guridi. Iktusa izan duen pazientea.

Minbizia – abenduaren 17a

Moderatzailea: Ana Galarraga

Parte-hartzaileak: Naiara Sagastibeltza. Osakidetzako onkologo medikoa Donostialdeko ESIan; Nerea Loro. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartea; Enrique Martín. Minbizia izan duen pazientea

Alkoholismoa – urtarrilaren 21a

Moderatzailea: Gorka Peñagarikano

Parte-hartzaileak: Maialen Velasco. Osakidetzako familia-medikua Donostialdeko ESIan; Fernando Eizaguirre. Familia-medikua; Libre Intxauspe. Osakidetzako psikiatra Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarean

Suizidioa – otsailaren 18a

Moderatzailea: Garbiñe Uria

Parte-hartzaileak: Andrea Gabilondo. Psikiatra. Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendaria; Agustín Erkizia. Biziraun Elkartea; Aitziber Garmendia. Aktorea